
EAJ-PNV GALDAKAOREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA 2025EKO MARTXOAREN 8AREN HARIRA
- EAJ-PNV Galdakao

- Mar 8
- 2 min read

BEIJINGEKO ADIERAZPEN ETA EKINTZARAKO PLATAFORMAREN 30. URTEURRENA: HIRU HAMARKADA BERDINTASUNAREN ALDEKO AURRERAPENEAN
Gaur, 2025eko martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, EAJ-PNV Galdakaok Beijingo Adierazpenaren eta Ekintzarako Plataformaren 30. urteurrena ospatu nahi du. 1995eko Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian onartutako dokumentu horrek genero-berdintasunerako, emakume eta neska guztien ahalduntzerako eta haien giza eskubideen bermerako mundu-mailako ekintza-plana ezarri zuen.
Hogeita hamar urte geroago, aurrerapen handiak egin dira, baina oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala lortu. Aurrerapena ez da modu berdinean eman, eta datuek erakusten dute berdintasun-politika sendoak garatu diren tokietan eta mugimendu feministaren ekintza etengabearekin uztartu diren kasuetan emaitzak iraunkorragoak eta ikusgarriagoak izan direla.
30. urteurren hau aukera paregabea da konpromisoak berritzeko eta borondateak sendotzeko, oraindik ere aurrean ditugun erronkei aurre egiteko behar diren baliabideak mobilizatuz eta oztopo estrukturalak gaindituz. Euskal erakundeek, eta bereziki tokiko gobernuek, erakutsi dute berdintasun-politikak eraginkorrak direla egiturazkoak direnean, etengabeko jarraipena dutenean eta agenda feministaren ikuspegian oinarritzen direnean.
Testuinguru horretan, EAJ-PNV Galdakaok bere konpromisoa berretsi nahi du genero-berdintasunarekin eta emakumeek pairatzen duten diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurkako borrokarekin. Horretarako, gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baterantz aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, udal mailatik abiatuta eta ikuspegi feminista eta eraldatzailea ardatz hartuta.
Horregatik, EAJ-PNV Galdakaok konpromiso hauek hartzen ditu:
• Berdintasun-politika publikoak sendotzen eta garatzen jarraitzea, egitura sendoak, nahikoa baliabide eta espezializatutako langileak bermatuz, berdintasun-politiken Kalitate Estandarren arabera.
• Emakumeen elkartegintza eta mugimendu feminista sustatzea eta babestea, berdintasun-politiken aurrerapenean ezinbesteko eragile gisa.
• Parte-hartze politiko eta sozial parekidea bultzatzea, tokiko gobernuetan eta erabakiak hartzeko prozesuetan emakumeen eta gizonen eragin berdina bermatzeko neurriak hartuz.
• Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kasuetarako udal-protokoloak eguneratzea eta sendotzea, biktimen eta bizirik atera diren emakumeen babesa, errehabilitazioa eta ahalduntzea bermatzeko.
• Indarkeria matxistaren prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzea, bereziki gizonen eta mutikoen inplikazioa bultzatuz indarkeria mota hau errotik ezabatzeko.
• Tokiko ekimenak abian jartzea zaintza-ekonomiaren eraldaketa sustatzeko, ikuspegi feminista batetik eta erantzukidetasuna ardatz hartuta.
• Gardentasunez eta aldian-aldian kontuak ematea berdintasun-politiken eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan egiten diren ekintzen inguruan, aurrerapenak neurgarri eta iraunkor izan daitezen.
EAJ-PNV Galdakaotik irmoki uste dugu emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ez dela soilik justizia sozialaren kontua, baizik eta gizarte demokratikoago, kohesionatuago eta ongizate handiagoa izango duen baten oinarrietako bat. 2025eko martxoaren 8 honetan, gure konpromisoa berritzen dugu eta Galdakao berdintasunezkoa eta indarkeria matxistarik gabekoa lortzeko lanean jarraituko dugu.






